miércoles, 16 de enero de 2008

IMANOL AZKUEK IRABAZI DU LIZARDI HAUR ETA GAZTE LITERATURAKO SARIA

Duela hiru urte bezala, aurten ere, bigarrengoz, Imanol Azkue Ibarbiak (Zumaia, 1965) irabazi du Zarauzko Udalak antolatutako Lizardi saria, euskal haur eta gazte literaturaren arloan garrantzitsuenetakoa. Kea airean bezala narrazioarekin irabazi du oraingoan saria Azkuek, Xabier Etxeberria, Yolanda Arrieta eta Pello Esnalek osatutako epaimahaiak hala erabakita. 3.000 euroko saria eskuratu du irabazleak.
Ipuin sarituaren abiapuntuko egoera «nahiko gogorra da», Azkuek Urola Kostako Hitza-ri azaldu dionez: harrera etxe batean dauden bi anai-arreba. «Lehen pertsonan dago kontatua, anaiaren ikuspuntutik, eta mutilak egoera gogor horretatik irten nahi du, irudimenarekin bada ere ihes egin, orain sentitzen ez dituen gozotasuna eta babesa beste nonbait bilatu».Esaldi batetik abiatuta idatzi du narrazio saritua Azkuek. Honako hau da esaldia: «Aitak beti esaten digu zerura eramango gaituela, 'hemendik irteten naizenean'. Hemen ospitalea da».Aurretik, Lizardi sariaz gain, beste zenbait ipuin sariketa irabazia da Azkue, hala nola Zumaiako Julene Azpeitia eta Ondarroako Augustin Zubikarai sariak, adibidez.Bi liburu ditu orain artean argitaratuak, Erein argitaletxearen eskutik biak: Gaur egun handia da (2003) eta Egunerokoa ez dena(2005). Aurrenekoa duela hiru urte Lizardi saria irabazi zuen narrazioa da. Besteak hainbat ipuin batzen ditu.
Hamalaugarren ekitaldia izan du aurtengoa Lizardi sariak. Irabazi duten idazleen artean, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga daude.

No hay comentarios:

Antton Irusta ipuin Kontalari bizkaitarra, Areetako ikastola batean

Ipuina