miércoles, 16 de enero de 2008

HAURREN AMETSETARAKO IPUINAK

'Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza'-k eskualdeko idazle eta irudigileek egindako liburua kaleratu du
Ametsetarako hitzak haurrentzako ipuin bilduma aurkeztuko du gaur Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k, Markina-Xemeinen. Arduradunen asmoa ekitaldi azkarra, bisuala eta arina egitea da. Eskualdeko hamar idazlek eta hiru marrazkilarik parte hartu dute proiektuan. «Sortzaile asko ditugu inguruan, beraz, batez ere idazle ezagunengana jo genuen; Miren Agur Meabe eta Kirmen Uriberengana, besteak beste. Marrazkilariei dagokienez, Hitza-n aurretik kolaboratu dutenak aukeratu genituen, Bittor Txakartegi, Bea Anitua eta Kaiet Bengoetxea», azaldu duLarraitz Ibaibarriaga Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ko zuzendariordeak.
Liburuaren izenburuan hitza berbarekin jolastu dira. Ametsetarako aukera bat delako eta Hitza egunkariaren amets bat aurrera atera dutelako. Gainera, liburuaren azalean neskato bat lotan ageri da.
Ilustratutako hamar ipuinek osatzen dute liburua, bakoitza bere hasiera eta bukaerarekin, hau da, ipuinek ez dute euren artean inongo loturarik. «Ez genien idazleei gairik ipini. Idazle bakoitzak berak nahi izan duen bidea eman dio bere ipuinari», argitu du Ibaibarriagak. Sei urtetik gorako haurrek irakurtzeko zaletasun handia dutela konturatu ziren Hitza-koak, beraz, liburua saltzeko adin tarte egokia iruditu zitzaien. Gainera, 13 urte bitarteko gaztetxoentzat ere liburu egokia izan daiteke, Ibaibarriagaren hitzetan.
HELBURU ZABALEKO EGITASMOA. Egitasmoaren helburua Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren egoera ekonomikoari buelta ematea da batez ere. Baina helburu horri lotuta, oso egitasmo garrantzitsu eta pisuduna jarri dute. Aurten Hitza-ren egoera ekonomikoa nahiko kezkagarria izan dela dio Ibaibarriagak: «Bizkaiko Foru Aldundiak ez du laguntza handirik ematen. Hala, egunkaria sei egunetik bostetan eskaintzen hasteko arriskua zegoen. Hori dela eta, liburuaren ideia otu zitzaigun. Idazleekin harremanetan jarri ginen, eta guztiak prest agertu ziren segituan».
Bestetik, Gabonei begira eta Durangoko Azoka segituan dela ikusirik, liburua aurkezteko garai aproposa zela pentsatu zuten egunkariko lagunek. «Azkenean, oso liburu potolo, mardul eta aberatsa osatu dugu. Opari bezala eta irakurtzeko zaletasunari begira pisu nahikoa duela iruditzen zaigu». Ibaibarriagaren hitzetan, bertako idazle eta marrazkilariek gustura lan egin dute elkarrekin. «Elkarlanean liburu bat osatu dute, eta bide batez Hitza-ri laguntzea eurentzako ere erronka bat izan da».
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ko arduradunek eskualdeko ikastetxeekin hitzarmenak egin dituzte egunkariari laguntza emateko. «Bertako ikastetxeetan sei eta hamar urte arteko haurren artean gutxienez liburu bat egotea nahi dugu», azaldu du Ibaibarriagak. Hala ere, oraindik erabakitzeko dago liburua non lortzeko aukera egongo den, «zerrenda osatu nahian gabiltza, liburua nora hel daitekeen erabakitzeko».

No hay comentarios:

Antton Irusta ipuin Kontalari bizkaitarra, Areetako ikastola batean

Ipuina