miércoles, 16 de enero de 2008

ARTZAIN BATEN BETAURREKOAK

Igandero Elizara joaten zen artzain batek ohartu zuen herriko irakaslea betaurrekoak inoiz kendu gabe ibiltzen zela eta, benaz oldoztu ondoren, honela zion:
— Ez dut ezbairik: Irakasle hori betaurrekoak dituelako izango da herri honetako irakurlerik azkarrena.
Eta besterik gabe, erabaki zuen berak ere erostea.
Joan zen bada egun batean Donostiara. Bakar-bakarrik kalerik kale, jo horra eta jo hona, luzaro ibili ondoren, jo zuan noizbait betaurrekoak saltzen ziren denda batean.
Gelditu zen ate ondoan, eta deitu zuen indartsu:
— Eup! hemen saltzen al dira betaurrekoak?
— Bai gizona: zatoz aurrera — erantzun zioten — Hona hemen ugari eta merke.
— Merke nahi garesti: behin honaino ezkero ez naiz itzuliko erosi gabe.
— Hona hemen izparringia, eta ikusi ezazu zeinekin irakurtzen duzun hobeto.
Jarri zuan bat, eta izparringiari goitik behera begiratu ondoren, honela zioen:
— Ez dut batere irakurtzen.
— Ikusbide laburra al duzu?
— Laburra! Ez jauna, ez. Nik Aizkorriko muturretik zenbatzen ditut Ernion aurkitzen diren ardiak.
— Tira ba honekin.
Jarri zuan beste bat, honen ondoren beste bat; eta horrela bana-banaka ikustatu zituen mota guztietako betaurrekoak, leiarrak ondo garbituaz; baina alperrik, ezin zuen irakurri.
Gogait egin zuen dendariak, eta galdetu zion artzainari:
— Zuk badakizu gero irakurtzen?
— Alajaina! Irakurtzen baneki ez nuke betaurreko beharrik!

No hay comentarios:

Antton Irusta ipuin Kontalari bizkaitarra, Areetako ikastola batean

Ipuina