jueves, 17 de enero de 2008

BREMENGO MUSIKARIAK

Errotari baten astoak bizitza osoa eman zuen irin zakuak lepoan hartuta hara eta hona. Lan eskerga egin zuen errota hartan, bai, baina zahartzaroa iritsi zitzaionean errotariak, zeken halakoak, oso gaizki tratatzen zuen. Horregatik astoak alde egitea erabaki zuen:
- "Bremenera joango naiz eta han musika ikasi eta musikari lanetan arituko naiz"
Bide bazterrean txakur bat aurkitu zuen. Belarriak behera begira zituen, triste.
- "Zergatik zaude hain triste?", galdetu zion astoak.
- "Zahartuta nagoenez eta ehizan ezin dudanez, nagusiak etxetik bota nau"
- "Etorri nirekin".
Eta elkarrekin joan ziren. Pixkat aurrerago katu bat aurkitu zuten, hura ere kopetilun.
- "Zaharraren zaharrez, saguak harrapatzeko ere ez naiz gai, eta etxekoandreak ito egin nahi nau".
- "Erdu gurekin!"
Ordurako hiru ziren taldean. Aurreraxeago oilar bat aurkitu zuten egoera berean: "zatoz gurekin Bremenera" eta lauko taldea osatu zuten.
Ilunkaran etxe bat ikusi zuten. Hurbildu, leihotik kuku egin eta..... lapur taldea bertan! Baina ez pentsa gero animaliak beldurtu zirenik!.
- "Ederra etxea!", pentsatu zuten "Hemen bai gustora biziko ginatekela".
Eta berehala etxe hura eskuratzeko modua asmatzen jarri ziren. Azkenean bata bestearen gainean jarri, laurak batera zarataka hasi eta holan uxatu zituzten lapurrak. Animaliak etxe barrura sartu ziren.
Lapurrak, ordea, etziren oso urruti joan eta euretariko bat bueltatu egin zen etxean nor zegoen ikustera. Ilunetan sartu zen. Lapur gaixoa! Etzekien nolako harrera egingo zioten! Oilarrak kukurruku ozen bat egin zion belarrira, katuak erpeka, txakurrak izterrean kosk eta astoak ostikada handi bat jo zion. Lapurrak minduta eta izututa aldegin zuen.
- "Sorgin bat dago etxe horretan!", esan zien oihuka taldekideei. "Goazen hemendik! Goazen albait arinen".
Bremenera bidean zihoazen lau animaliak etxe hartan bizitzen geratzea erabaki zuten, hain zeuden gustura!

No hay comentarios:

Antton Irusta ipuin Kontalari bizkaitarra, Areetako ikastola batean

Ipuina